2016. Bizi-lasterketa, mila milia minbizidun haurren alde

2016. Bizi-lasterketa, mila milia minbizidun haurren alde

viernes, 8 de enero de 2016

Egitasmoaren eta blogaren nondik norakoak

Blog honen bitartez 2016. urtean bizikletaz egin asmo ditudan entrenamendu, brebet eta distantzia luzeko ibilbideen bizipenak kontatu nahiko nituzke. Badaramatzat urte batzuk distantzia luzeko proba, brebet nahiz zeharkaldiak eginez, baina aspaldi honetan bestelako lehiak ezagutu ditut inguru oso hurbilean (3 minbizia kasu familian). Horrek egoera gogorrak ezagutzeko aukera eman dit; bestek beste, minbizia duten haurrena eta haien gurasoena. Guraso horiek elkarte bat dute, ASPANOGI (minbizidun haurren gurasoen Gipuzkoako elkartea), eta haiei nola lagundu pentsatzen hasita erabaki nuen onena litzatekeela nire kirol jarduna haien zerbitzura jartzea.


Aurtengorako proiektu bat osatu dut  ASPANOGIrekin   elkarlanean. Proiektu honen helburu nagusiak ASPANOGIk egiten duen lan eskerga ezagutzera eman eta elkartearentzat ahalik eta laguntzarik handiena lortzea dira, handia baita  horrelako elkarteek egiten duten lana eta ematen duten laguntza guztia. Dena den,  zoritxarrez, lan hori guztia askotan isilpean geratzen da, eta ez du behar adinako errekonozimendurik jasotzen. Hori dela eta, elkarlanean proiektu bat osatu dugu lehen  aipatu helburuak betetzeko asmoz. Proiektua zeharkaldi eta proba hauek osatuko dute:

 - Alpeetako zeharkaldia (Travesia de los Grandes Alpes). 680km eta 16.500 metroko desnibela.

  - Transpirenaica. Portbou-Hendaia 1.000 km eta 30.000 metro inguruko desnibela.

Alpeen zeharkaldia ibilbide oso ezaguna da txirrinduzale nahiz motozaleen artean. Frantzia eta Suitza artean muga egiten duen Lehman lakuan hasi eta Menton edo Niza herrietan amaitzen da, hau da, Mediterranear itsasoaren ertzean.Guztira  680 kilometro inguru ditu, eta 16.500 metro positiboko desnibela. Ibilbideak aldaera bat baino gehiago ditu, nahiz eta ezagunena eta errepikatuena bat izan. 

Frantziako txirrindularitza federazioak ibilbide hori 8 egunetan egiteko aukera ematen du, horretarako espresuki  sortutako kontrol-txartel baten bidez. Horren ondotik,  hainbat bidaia agentziak ibilbidea 8 egunetan egiteko zeharkaldiak antolatzen dituzte. Nire kasuan, zeharkaldia 8 egunetan egin ordez 2 egunetan egiteko asmoa daukat , gutxi gorabehera, 40 orduren azpitik eta lotarako geldialdirik egin gabe (Non-Stop).  

 Transpirenaican errepidez Pirinioak zeharkatzen saiatuko naiz. Horretarako, Mediterraneo kosta eta Atlantikoa lotuko ditut, 1.000 kilometro pasatxo eta 30.000 metro inuruko desnibel positiboa duen ibilbidea osatuz. Helburua hiru egunetan egin ahal izatea da, hau da, gutxi gorabehera 70-80 ordu inguruan. Ibilbide horretan Frantziako Tourrean hainbestetan igotako portu ezagun eta gogorrenak igotzen saiatuko naiz, Tourmalet, Luz Ardiden, Palheres, Bales, Aubisque eta  San Martingo Harria esaterako.

 Aipatu bi zeharkaldiak egiteko ez dugu oraindik data zehatzik jarri, baina asmoa da uztail-abuztu partean egitea. Zeharkaldi horiez gain, Euskal Herrian antolatzen diren 200,300 eta 400  kilometroko brebetak egin nahiko nituzke, baita pare bat super-brebet ere (600 kilometroko distantzia, eta, gutxienez, 10.000 metroko desnibela duten ibilbide homologatuak).

Arestian esan bezala, blog honetan, besteak beste, brebet  eta zeharkaldi horietako bizipenak kontatzen saiatuko naiz, baina baita entrenamendu saio batzuen berri ematen ere. Izan ere, brebeten eta bizikleta-martxa luzeen mundua ez da oso ezaguna jendearen artean, eta blog honen bidez horiek jendeari ezagutaraztea ederra litzateke.

Dena den, beste ezeren gainetik, egitasmo honen helburu nagusia Aspanogirentzat ahalik eta laguntzarik handiena lortzea da, eta bloga jendeak laguntza hori emateko eta elkarteak antolatzen dituen ekimen desberdinei buruzko informazioa emateko bitarteko bat izango da. Aspanogirentzako diru-ekarpena zein bidetatik eta nola egin daitekeen hurrengo sarrera batean azalduko ditut, gauzak gehiago zehaztuta ditugunean. Bi zeharkaldiei buruzko informazio zabalagoa ere (igaroko diren portuak eta beren datuak) aurrerago emango dut. Pixkanaka...

Espero dut blogean sartzen den edozein zertxobait bada ere entretenitzea, eta hurrengo batean berriro sartzeko gogoz gelditzea. Baina, batez ere, egitasmo honetan parte hartzera animatzea, zalantzarik gabe hori litzatekeelako lorpenik garrantzitsuena. Lehen aldia da blog bat martxan jarri dudala, horrenbestez, esan gabe doa ez naizela gauza hauetan ez aritua, ez aditua. Beraz, pixkanka joango naiz blogari itxura eman eta argazki-irudiak sartzen, ikasi ahala. Erronka martxan da jada...


No hay comentarios:

Publicar un comentario