2016. Bizi-lasterketa, mila milia minbizidun haurren alde

2016. Bizi-lasterketa, mila milia minbizidun haurren alde

miércoles, 16 de marzo de 2016

Dira, dira...beltz beltzak dira...

Ez , ez naiz ari inauterietako elegante egunean edandako kalimotxo edo kriantzez, ezta Azpeitian sokamuturrean ateratzen dituzten zezenez ere, nahiz eta oso ezaguna den abesti batek horrela dioen.  Oraingo honetan laino edo hodeiez ari naiz. Izan zitezkeen azken asteotan etengabe gure bazterrak zopa eginda utzi dituzten hodei beltzak, baina niri dagokidanez, beste hodei batzuk aipatu nahi ditut.

Resultado de imagen de sokamuturra

Urteari gogotsu eta egitasmo polit batekin ekin arren, laster hasi zitzaizkidan entrenatu ahal izateko eragozpenak. Aurreko sarrera batean aipatu nuen bezala, urtarrilean hiru asteko geldialdia egin behar izan nuen sahietseko muskulu bat eta diafragma erabat uzkurtuta edo kontrakturatuta neuzkalako.  3 asteko amorrazio uholdearen ondoren, bazirudien otsailarekin batera urak bere bidera itzuli zirela.  Otsaileko lehen astearen ondoren, ordea,  eztulak, kaskarreko minak eta sukarrak erasan ninduten. Hasiera batean gripea izango zela zirudien, eta ez nion beste munduko garrantziarik eman. Egun batzuk ohean eta epelean ondo zainduta egon eta "bale gaituk!" esaten nion neure buruari.  Aste bateko "borraska" bat eta lixto!

Resultado de imagen de nubes

Baina egunek aurrera egin ahala gauzak okertuz joan ziren. Dirudienez, ordura artekoa borraska bat ez baino frontearen aurretik sartzen zaigun hodei-multzoa zen. Izan ere, mukiak eta flemak odolarekin botatzen hasi nintzen, sukarra ere 39 gradutik gora, eta, ezinbestean, egun dezente ohean preso egon beharra. Atzo atxurra? To! Gaur kirtena! Medikuarengana joan eta lehen begiratuaren ostean bronkitia nuela esan zidan, eta kontua pazientzia handiz hartzeko, guztiz sendatu eta errekuperatzeak luze jo baitzezakeen. Tira! Baneraman astebete etxean eta ohean oilotuta, baina, itxuraz, beste hainbeste ere egon beharrra izango nuen. Zuku naturalak sarri-sarri eta beldurrik gabe hartzeko aholkatu zidan, horrek asko lagunduko baitzidan sendatze-bidean. Auskalo zenbat laranja zukutu eta Gabiriko  baserriko kiwi zuritu nituen, baina alper alperrik. Esaerak dio munduan 3 gauza daudela alperrik: egunez ilargia, itsasoan euria eta gizonezkoen titiak. Bada, uste dut bronkitiarekin egonda zukuak hartzea ere zerrenda horri gehitu dakiokeela. Pentsa, bateko eta besteko,  ia beste 3 aste  joan zitzaizkidan eguneroko bizimodua itxuran egiteko moduan jarri arte. Oso pixkanaka bada ere hobetuz, bai,  baina ez nahi eta behar beste.


Resultado de imagen de gripe
 

Otsailtxoa motza dela? Bada, aurtengoa inoiz baino luzeagoa egin zait, eta ez bisute urtea izaki beste egun bat gehiago propina izan dugulako. Etxean eta geldirik egonda, denbora gehiegitxo buruari (erre)bueltak emateko. Eta une honetan, egiari zor, uda sasoian egin nahi ditudan zeharkaldiak  egitea oso zail ikusten dut, benetan beltz, kalian gora, kalian behera ibiltzen diren zezenen modura. Minik gehien emango lidakeena, zalantzarik gabe, Aspanogiri eta minbizidun haurrei ezin lagundu izatea litzateke. Eta hori da, momentuz, gehien kezkatzen nauena.

Dena den, beste hiruzpalau asteko epea hartu nahi dut entrenatzen hasi eta gorputzak nola erantzuten duen ikusteko. Urtea hasi zenez geroztik 6-8 aldiz bakarrik ikutu dut bizikleta (eta ezinbestean irteera oso laburrak eginez), eta zerotik (zeropetik ziurrago!) hasi beharko naiz berriro. Buff!  Asto zaharraren pare. Eta asto zaharrak indarra urri, indarra urri eta putza sarri! Eta zeharkaldi horiek burutu ahal izateko ordu eta aste askotako entrenamenduak behar dira, eta, batez ere, saio horiek jarraipena izatea. Beraz, hobe lehenbailehen hastea, bihar egiteko uzten den entrenamenduak etzi ere hurbil izaten baitu. Baina presaka eta erlojuaren aurka ibili gabe, gainerakoan okerrago izango bailitzateke. Izan ere, presaka, Antes, antes! Lehen gutxi eta orain batez!

Kontuak kontu, Aste Santua ate-joka daukagu, eta oporretan ea  orain arteko hodeiak desagertu eta eguzki izpiak ikusteko moduan izaten naizen. Su ta garren Basajaunaren eremuan abestiaren hitz batzuek dioten modura  Aste Santua geure erara ospatu genuen... Batzuek abestiko jentilen moduan parrandan pasatuko dute astea, beste batzuek, aldiz, oporretan por ahi, beste askok errezatu, bijilia egin eta prozesioei begira. Eta ezker edo eskuin eskuaz errezatu behar den ere ez dakigun beste batzuok geure erara via crucisa bizikleta gainean ibiliz ospatzen saiatuko gara. Bakoitza bere zoroak mugitzen omen du...


Resultado de imagen de subida en bicicleta dibujo

Azpeitian sokamuturreko zezena kalian gora, kalian behera ibiltzen da, eta ni, berriz, ea zenbateraino gai izaten naizen kalian ez baino aldapan gora, aldapan behera ibiltzeko. Hasiera samurra ez da izango baina... Baina eta baino, euria denean beti laino! Eta orain arte, bederen, zezenak bezain laino beltzak inguruan, eta hortik nire pena zaparrada kontatu beharra.  Aldian behingo negarra, ogia bezain beharra... Tira! Penaren karamelua esperantza...

No hay comentarios:

Publicar un comentario