2016. Bizi-lasterketa, mila milia minbizidun haurren alde

2016. Bizi-lasterketa, mila milia minbizidun haurren alde

viernes, 12 de febrero de 2016

Bizikleta eta San Balentin eguna lotu nahian......


AKERRAK ADARRAK OKERRAK

Egia ez omen  da beti esan-erraza, ezta esan-beharrekoa ere, baina egin dizudanak azalpen zintzoa behar du. Honenbestez, gutun honen bidez barrua nahi nuke hustu, nire sentimenduak biluztu , eta kontzientzia lasaia arnastu.

Gabonetako erosketen zurrunbilo betean ezagutu genuen elkar  merkatal-zentru batean.  Zu ikusteaz bat kristal zatitxoek gurpilak zulatzen dituzten moduan ziztatu ninduen kupiduren geziak. Bat-bateko maitemintzea izan zen. Dena den, zu hain liraina eta panpoxa izanik, garesti  zegoen zure konkista, baina majo kosta arren, lortu nuen! 18 urte eskas neuzkan, heldutasunerako helmuga marra zeharkatzeko atarian, baina ume txiki bati Olentzerok egindako opariak  adinako ilusioa egin zidan zurekin hasi nuen maitasun istorioak.

Gogoan ditut zurekin batera emandako lehen paseo erromantiko haiek, nahiz eta  gu bion arteko harremana ez zen, hasiera batean,  nire amaren gustukoa izan.  Zurekin batera ematen nituen orduek liburu eta apunteengandik urruntzen ninduten irudipena zeukan, eta unibertsitatean hasi-berriak nituen ikasketak arriskuan ikusi. Ulertzen ditut amaren zalantzak eta susmo txarrak, izan ere, hainbeste ordu pasatzen genituen elkarrekin! Oraintxe bidegorritik zehar paseo lasaiak,  trafiko gutxiko errepideetatik ondoren, mendian ibilalditxoak aire garbia arnastuz hurrena…
Gure ibilietan gogotik dantza egiten genuen. Oroitzen ditut zutik xuxen ipini eta elkarrekin dotore koordinatuta egiten genituen dantza-saioak. Dantza-mota desberdinak dantzatzen genituen, izan hemengo zein hango, valsa nahiz tango, arin-arina edo fandango, gartsu mugituz beso eta zango. Eta zure behar gehien sentitzen nuen uneetan bi eskuez ere heltzen zintudan, irmoki, niregandik ahalik eta gertuen senti zintzadan.

Hainbesteko zaletasuna geneukan, non dantza lehiaketetan parte hartzen hasi baikinen. Denboraldia hasten zenetik amaitu arte ia astebururo izaten genuen  lehiaketaren bat. Eta uda garaian, herrietako jaietan ez zen egitarauan dantza txapelketarik falta izaten. Festaz festa bai, baina ez parrandaz parranda. Izan ere, joko-bezperan, erronka; biharamunean, herrenka. Eta horrela ezin pulamentuz dantzarik egin… Eta guri parranda-saltsa gustatzen… Aaaai!! Horixe zen, bada, txoria galsoroan goseak egon beharra!

Urteek aurrera egin ahala lehiaketak utzi genituen, ez, ordea,  paseo eta dantza-saioak. Lehiaketarik gabe ere, gozamen hutsa zen zurekin paseatu eta dantza egitea. Gustuko lekuan aldaparik ez omen, baina guk egiten genituen ibilbideetan makinatxo bat malda igotzen genituen. Dena dela, zurekin aldapa guztiak ziren zelai; sasi guztiak luma.

Baina egin arren distira, denak urre ez dira. Ezta, zoritxarrez,  gure arteko maitasuna ere. Zahartuz joan naizen heinean zureganako nuen gosea apalduz joan da, asetuz.  Gazte garaiko urteetan zu beti plater handian nahi izaten zintudan, eta dantzaldia egin ostean ez zegoen mahaian ni geldituko ninduenik! Nik beti plater handia, bai zurekin, bai mahaian. Baina orain, erabat mizkinduta nagoen honetan, plater txikia ere sobera dut. Nire apetituak behera egin ahala zureganako maitasunak ere halaxe egin du, eta egun ez naiz gai zurekin paseatzeko eta dantzatzeko. 

Baina ez naiz ni izan aldatu den bakarra, zu zeu ere asko aldatu baitzara. Elkar ezagutu genuenean bezain gorputz lirain eta arinarekin jarraitzen duzu, baina orduan zeneukan azal beltzaran eta distiratsuaren arrastorik ez dakusat. Horren ordez orban itsusiz jositako azala daukazu, eta gorputzeko hainbat ataletan azal puskak falta ere falta zaizkizu. Urteak ez dira inorentzat alferrik pasatzen… eta, noski, ni ez naiz ederra, baina ederzalea bai!

 Horren guztiaren harira, aitortzen dut azken hilabetean adarrak jarri dizkizudala, duela hilabete amodio istorio berria hasi bainuen. Oraingo nire  kuttuna interneten ikusitako argazki baten bidez ezagutu nuen sare sozialetan murgilduta nenbilen batean. Badakizu gaur egungo harreman asko nola ernetzen diren; argazki bat eta zure datu pertsonalak sartuz hazia erein, publikatu eta hortik atera daitekeen loreari itxaron. Batzuek ateratako lehen lorearekin hasten dute harremana, beste batzuek, berriz, nahiago dute erleen moduan lorez-lore ibili eta denetik dastatu, harik eta gustukoa aurkitu arte. Nire kasuan, maitalearen argazki zein  datu pertsonalek hasiera hasieratik erakarri ninduten, erabat maitemindu nintzen, eta ez zait burutik pasatu ere egiten besterik dastatzerik.

Egia esan, oraingo  maiteak, zuk ez bezala, gorputz sendoa eta indartsua dauka. Askotan ateratzen gara ibilaldi bat edo paseo bat ematera, baina orain ez daukat dantza egin eta esku zein zangoei eragin beharrik. Nire maitalearen indarrak egiten du dena, ez baitu alferrik 100 zaldiren indarra. Akabo nire neke eta hanketako minak, txakal-aldi  zein sufrimendu uneak. Orain mokadutxo koxkor batekin aski dut arratsalde-pasa ederraz gozatzeko. Nola aldatzen diren gauzak! 

Arrazoi guztiz pentsatuko duzu nire moduko hamaikak artorik ere merezi gabe ogia jaten dugula, baina zin dagizut erabakia hartzea gogorra izan zaidala, gogorra bezain mingarria. Zenbat urte elkarrekin, zenbat ibilaldi, zenbat dantza, zenbat izerdi, zenbat neke… Baina jaiotzak heriotza zor, hasierak amaiera, eta irteerak  helmuga. Aitortzen dut zurekin jokatu dudala anker, zuzen beharrean oker,  gizon beharrean aker. Oker zuzenik ez, eta akerrak ere adarrak okerrak.

Resultado de imagen de cuernos cabra montesa

Horixe da egia osoa, nahiz eta ez izan batere gozoa, are gutxiago, esaten erosoa. Sentitzen dut hau guztia horrela azaldu beharra, baina gure artekoa amaitu da. Ez naiz gizon portatu zurekin, ez jokabidez, ez moduz. Baina, beste ezeren gainetik,  Orbea nire laztana, barkamena eskatu nahi dizut. Barkamena hainbeste urteko istorio polita horrela amaitzeagatik.  Barkamena Yamaha nire bikotekide berriarekin zuri adarrak jarri eta berarekin harremana zure bizkar hasteagatik. Barkadazu, arren. 

Espero dut, Orbea, zuk ulertzea nire arrazoiak, eta bion artekoaren oroitzapen onekin gelditzea. Gauza onei arre, eta txarrei barre. Bitartean, nik Yamahari arre eginez jarraituko dut…

No hay comentarios:

Publicar un comentario