2016. Bizi-lasterketa, mila milia minbizidun haurren alde

2016. Bizi-lasterketa, mila milia minbizidun haurren alde

miércoles, 3 de febrero de 2016

Garaian garaikoa

Pasa berri dugun hilabeteari urtarrila deitu ohi diogu guk,  baina badira herri eta leku ugari guk urtarrila deitzen diogun hilabete horri ilbeltza deitzen diotenak. Eta nik neuk ere horrelaxe dei niezaioke igaro berri dugun hilabeteari, izan ere, zoritxarrez, kirol-ikuspuntutik begiratuta bederen, beltza izan baita hilabetea.

Errege eguna pasa ondoren, gimnasioan (negu partean egin ohi da. Garaian garaikoa!) indar-ariketa batzuk egiten ari nintzela, badirudi saihets tarteetan dauden gihar edo muskuletako batean (gaztelaniaz musculo intercostal) kontraktura txikiren bat egin nuela. Badirudi esaten dut, ez bainintzen une horretan ezertaz konturatu. Baina handik pare bat egunera, eguraldi txarra zela tarteko, korrika pixka bat egitea pentsatu nuen, eta huraxe izan zen saihets tarteko kontraktura txikia lesio erabat gogaikarria bihurtu zidan "pekatua". Gimnasio madarikatua!



Harrezkeroztik hiru aste egin behar izan ditut geldirik, nahi eta ezinean. Korrika egindako egun horretan dutxatik irten bezain agudo jabetu nintzen zerbait ez zihoakidala ongi. Edozein mugimendu txikirekin dezenteko mina sentitzen nuen saihets inguruan, eta egunak aurrera egin ahala areagotu besterik ez zitzaidan egin mina. Gauean arnasa hartzeko ere minbera nabaritzen nuen eskuinalde guztia, eta deskuidoan eztul txikiren bat edo doministikuren bat egiten banuen akabo! Dena den, txarrena ohera sartzeko unean etorri zen. Noizko sartu ohera!! Makurtu, ohean eseri eta ohean postura hartzerako... Ederra kuxidadea nirea! Kolpera 40 urte zahartu izan banintz moduan negoen, bai mugimenduak egiteko, bai lo egiteko. Izan ere, adineko askok esan ohi du urteek aurrera egin ahala lo-orduak nabarmen gutxitzen direla, eta gau hartako nire lo-orduak ere esku bateko hatzekin aise konta zitezkeen. Auskalo zenbat ardi kontatu nituen...

Handik hiruzpalau egunera masaialariari bisitan joan nintzaion. Ez alferrik, masajerik hartu gabe itzuli beharra izan bainuen etxera. Hain neukan minduta eta gogortuta ingurune guztia, ezin izan baitzidan masajerik eman! Handik bost egunerako eman zidan berriro txanda. Dena den, diagnosia behintzat garbi adierazi zidan: diafragma eta saihets tarteko muskuluak uzkurtuta edo kontrakturatuta, eta inguru horretako beste muskulu batzuetan aderentzia mordoska. Eta minik handiena eman zidana: pazientziaz hartzeko, bizpahiru aste beharko nituela, gutxienez, berriro bizikleta gainean jartzeko. Erraza da esaten baina... Pazientzia ez da inon saltzen, eta nik horrelakoetarako oso gutxi daukadanez... burubide eskasa! Baina tira, beharra bezalakorik ez omen dago inoren esanei kasu egiten ikasteko, eta horixe gertatu zait niri ere. Minak iraun duen bitartean zer erremedio geldirik egotea baino! Okerra aitaren batean egin bai, baina gero konpontzerako...

Dena den, hilabete aldaketarekin badirudi gauzak bere onera itzuli direla. Hiru asteko geldialdiaren ostean aste honetan berriro hasi naiz bizikleta gainean kilometroak egiten. Oraindik lasai eta batere behartu gabe, baina gaitzerdi! Halako geldialdiaren ondoren gorputza oraindik ez daukat bizpahiru ordu baino asko gehiago egiteko moduan. Zeinen azkar ohitzen den gorputza alferkeriara! Eta gero berriro martxa hartzeko... Izerdi eta puzka ugari bota beharko dugu bai berriro ere gutxiengo sasoi puntua hartzeko! Alde horretatik, aurreko urteekin alderatuz atzeratu samartuta nabil, baina espero dut uztail alderako puntu onean egotea. Askok esango du denbora soberan dudala, baina bereztik denbora dezente behar izaten dut sasoi puntu egokia hartzeko. Gainera, ez da gauza bera 4-6 orduko esfortzuetarako prestatu edo 30 ordutik gorako esfortzuetarako. Baina badago bai denbora, nahiz eta kale egiteko marjina asko txikitu zaidan. 

Horixe ilbeltzak utzi didan oparia. Hori gutxi balitz, amorraziorik handiena eman didanetako bat egin duen eguraldi ona izan da. Asteburuetan goizetan jeiki, leihotik begiratu eta halako giroa ikusteak sutan jartzen ninduen. Sikiera geldirik egon beharreko egunetan bizikletan ibiltzeko moduko eguraldirik egingo ez balu, ez zidan hainbesteko penarik emango baina... Ez euri eta ez hotz, kasuen zotz! Ziur orain otsailean berriro bizikletaz kanpora ateratzen hasi naizen honetan iritsiko zaizkigula elur, hotz, txingor eta enparauak. Otsailtxoa laburra baina gogorra izan ohi da normalean, eta aurten, gainera, bisute urtea izanik propina moduan egun bat gehiago. Hala ere, pentsatzen jarrita, negua negu egin behar du, hots, garaian garaikoa, eta hobe orain ipurdia majo bustita eta hatzak hotzez gorrituta ibiltzea maiatzean edo ekainean goroldioa arropei itsatsirik edukitzea baino! Baina eguraldia bera gu geu baino eroago dagoela ikusita, ez dakit ba zer egingo duen... Kandelario hotz, negua motz; kandelario bero, negua gero. Eta atzo izan genuen tenperatura ikusita, nago ni Aste Santua ere negu gorriko giroarekin ez ote dugun igaro beharko. "Gurutze-bide" ederra!

Resultado de imagen de txikiteo elegante azpeitia 

Bateko eta besteko, konturatzerako inauteriak ate-joka. Atzo kandelario, gaur san Blas eguna (mmm opilak!!), eta bihar santa eskean ateratzekoa. Noski, garaian garaiko gauzak. Eta ni azpeitiarra izanik, gorriz markatuta daukat inauterietako igandea, gure herrian "Txikiteo elegante eguna" gisa deitzen duguna. Elegantez jantzi (elegante edo...) eta koadrila giroan "elegante" pasatzera (horrela deitzen diogu guk primeran pasatzeari).

Jakina, egun horretan mailot eta kaskoa traje eta gorbataz ordeztuko ditugu, eta barratxo energetikoak eta "isostarra" pintxo eta garagardoz. Noski, garaian garaikoa!

No hay comentarios:

Publicar un comentario